Alcalá de Henareseko Zinemaldirako kartela. 1989
Ivan Zulueta Párpados filmatzen. 1989
Marisa Paredes eta Eusebio Poncela, Párpados filman. 1989
Arrebato. Aldizkari baterako iragarkia. 1980
Mi ego está en Babia. Film laburra. 1975
Ivan Zulueta (Ivan Izugarriz mozorrotua) eta Jaime Chávarri (Aliziaz mozorrotua), mozorro festa batean. 1966.
Pedro Olea, Ivan Zulueta, Manolo Velasco, Jose María Iñigo. 1968
Noé boutiqueko erakusleihoa. Donostia. 1971
Robert Peack-en kartela
Ivan Zulueta. 1965.
IZ: Badira gauzak, bizitza gehiago, denbora gehiago, denetik gehiago edukiko banu, gustura ukituko nituzkeenak…
2002
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean erakusketa grafiko-plastikoa. DV Galerian polaroiden inguruko esplorazio gaur-gaurkoak. Antzoki Zaharrean, telebistarako eta zinerako egindako bere lan guztia erakusten duen maratoia. Bere filmak digitalizatzen dituzte. Lagunekin, pil-pilean dauden pelikulei buruz eztabaidatzen du: Lars von Trierren Dancing in the Dark, Baz Luhrmannen Moulin Rouge eta David Lynchen Mulholland Drive. 35 milimetrotan filmatutako Frank Stein eta Masaje (1972) laburmetraiak nazioarteko hainbat zinemalditan proiektatzen dira. Ocho y Medio zine liburudendak Arrebato (1979) eta Leo es pardo (1976) filmen gidoiak argitaratzen ditu Espiral bildumaren barruan.
Ivan Zulueta, Villa Aloharen aurrean. 2002
2001
Stanley Kubrick eta 2001: una odisea en el espacio filmaren omenezko kartela. Zinea egiteko premia eta ezinegona azaleratzen ditu. Zenbait ekoizle gaztek hitza hartzen diote. Pilar Sanchezen lan estimagaitzari esker (bera da askoren ustez Ivanen “ordezkaria lurrean”), Zulueta kartelgilearen lanak berreskuratzen dira.
2000-1998
El tercer hombre bezalako klasikoak berriz ematen dira, Ivanena da kartelak egiteko ardura. Marlene Dietrich omentzen duen bilduma bideografiko baterako kartela. Amnistia Internacionalentzako kartela. Miguel Albaladejoren Ataque Verbal eta Jose Luis Borauren Leo ilustratzeko kartelak. Gasteizko Bideo Jaialdian eta Castelloko VI. Bideogintza Amateur Astean omenaldia. 1999ko abenduan, TVEk Arrebato programatzen du. Espainiako zine eskoletako ikasle guztiek badute hurrengo egunean zertaz hitz egin.
1997
Donostiako Zinemaldiaren barruan Arrebato proiektatzen da. Astoria zine-aretoa lepo dago. Bertara bildutako ikusentzuleek Ivanek zirriborratutako orrialde batzuen irakurketa entzuteko aukera dute. Drogaz, zineaz eta bere filmeko pertsonaiei buruz itzulingururik gabe mintzo da zirriborro horietan.
1997-1993
Urte basatiak, ilunak. Heroina urteak. Bere lanak alboratuta utzi ditu. Erritmoa falta du, kanpoan nahiz barruan. Ez du arkatz bat bera ere hartzen. Ez du marrazten. Zinea ikusi ere, nekez. Ez du musikarik entzuten… Torontoko zinemaldian agur eta ohore egiten diote. Antonio Ribellesekin elkarlanean idatzitako gidoia martxan jartzeko hamaikagarren ahalegin desesperatua.
1992
TVEren Crónicas del mal serierako atal bat filmatzen du. Ritesti jartzen dio izenburu. Fideltasun ezak, mendekuak eta maitasunaren kondaira sukartsuek hartutako istorio bat da. Bere ateak gauez baino irekitzen ez dituen gozodenda bateko koadro maltzurrak dira bertako tentazio nagusia. Azken trena galdu duten bidaiariei aterpea ematen dien gozodenda bateko misterioa…
1991-1989
Alcala de Henaresko Zinemaldiak Ivanen obraren zati handi bat berreskuratu eta Carlos F. Herederoren Ivan Zulueta, la vanguardia frente al espejo liburua argitaratzen du. Valentzian ere, kartelgile bezala egindako lanak omentzen dizkiote Pausas de papel izeneko erakusketan. 1989ko irailaren 28an, TVEk Párpados ematen du lehen aldiz.
1989-87
Luis Eduardo Autek Delirios de amor saileko atal bat egitea proposatzen dio. Autek berak, Felix Rotaeta, Adolfo Arrieta edo Emma Cohen bezalako errealizadoreek parte hartzen dute maitasun istorio urbanoz osatutako sorta honetan. Zuluetak hamaika aukera eta jolas darabiltza esku artean gidoiaren zirriborroetan. Gauguin, Van Gogh, denbora traizionatua eta eskubete izenburu iradokitzaile: Devora Dora, Selva-acción… Tartean da ispiluaren bestaldetik ikusitako Gran Vía baten irudia, eta baita behin eta berriz errepikatzen den esaldi indartsu bat ere: “ez naiz ezeren jabe, ez dut deus zeharkatzen, ez dut amestutako objekturako biderik…”. Ivanek, muntaiaren eta eszenaratzearen aukera guztiak muturreraino ustiatzen ditu. Gauza bera egiten du Alvaro Cárdenasek konposatutako musikarekin ere. Soinu banda nahieran erabiltzen du, bere sentituko duen talde tekniko bat biltzea amesten duen bitartean…
1987-1981
Sasoi basati gehiago. Sasoi ilun gehiago. Baina amildegiaren ertzean liluratzeko sasoia ere bada. El pecador impecable (Augusto M. Torres, 1987) eta El arreglo (J.A. Zorrilla, 1983) filmetarako proposatzen dituen kartelak atzera botatzen dizkiote. Aldiz, Laberinto de pasiones (Pedro Almodovar, 1982), Entre Tinieblas (Almodóvar, 1983) eta ¿Qué he hecho yo para merecer esto! (Almodóvar, 1984) filmetarako egiten dituen lanek harrera ezin beroagoa jasotzen dute, bai publikoaren aldetik, bai bildumatzaile eta adituen aldetik ere. Jendeak Zuluetaren maisuak ezagutzen ditu bere kartelen atzean: Bass, Mac, Jano…
Arrebato filmari esker, hainbat zinemaldi ezagutuko ditu. Vittelera bidaiatzen du. Baita Chicagora ere, Carlos Astiarraga, besteak beste, filma ekoizlearen anaia denarekin). Tesauro ekoiztetxeak beste film luze bat egiteko proposamena luzatzen dio. Inoiz filmatu izan balitz, The end izenburua edukiko zukeen, agian. Urtebete pasa zuen musikal urbano bat izan nahi zuen gidoi hau idazten, Damian Iradierrekin elkarlanean. Hainbeste zainketa eta sikriatatan ibilita, Ivanek bertan behera utzi zuen azken unean egitasmoa, aldarean zain duen neska-laguna maite ez duela ohartu eta berarekin ezin ezkon daitekeela bat-batean konturatzen denak bezala.
Beranduago edo aldi berean, auskalo, ezinezkoak bezain lilugarriak diren tituluekin egiten du amets: Lalo Lelo y Lola Lela, Criaturitas de Dios, Te la ví en Tel Aviv, Que duermas con tu apetito, De mentes locas, Rosemary´s Bamby… Sekulan santan existituko ez diren filmetako tituluak…
Irudiaren enigmaren inguruko beste esplorazio bati ekiten dio. Polaroid argazkien abentura. Bat-bateko irudia lortzearen plazerra. Mugitzen den irudi geldia. Edo alderantziz da, akaso? Plaza Españako bere apartamentuan, hozkailuko izotza lurrean barna hedatzen da. Glaziar horretan, Ivanek panpina batzuk jartzen ditu. Argazki makina, lekuko.
1980-1979
1980ko ekainaren 9a. Arrebato filmaren estreinaldia, Madrilgo Azul zineman. Gaua luzea izango da. Gonbidatuetako zenbaitek Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan amaituko dute. Ezinbesteko aldizkaria den Fotogramas argitalpenak ezin izan du filmaketaren berri eman, epe horretan kalera ateratzeari utzi diolako. Madrilgo eta Bartzelonako estreinaldien artean igarotzen den tarte luzea dela-eta, Zuluetaren filma izango da Espainiako hiriburuan Fotogramas de Plata sarietarako boto gehien jasoko dituena. Ez ordea Katalunian. Hurrengo urtean, Bartzelona guztiak ematen dio botoa, baina garaiz kanpo: Madrilgo epea pasa da. Honenbestez, ez du inolako saririk lortzen. Hala ere, Mystfest misteriozko zinemaldiko pelikularik onenaren sarian finalista izango da eta 1982an kritikaren saria eta gidoirik onenaren saria lortuko ditu Fantasporton, Oportoko fantasiazko zinemaldi mitikoan. Cannes eta Berlingo zinemaldiek berriz, atzera botatzen dute filma, muturrekoa eta terminala delako, nonbait. Kritikei dagokienez, gutxi dira bere garaian filma ulertzen dutenak: “Ivan Zuluetak izugarri maite du zinea, obsesiboki, baina maitasun hori ez da joan-etorrikoa”.
Filmaketa maitasun eta gorrotozko istorio egiazko eta joan-etorrikoa izan zen, ordea. Senak ohartarazi zien batzuei, baina ohartarazi ez zien haientzat ere, bigger than life izan zen filmaketa hura. Usteak uste eta kondairak kontrakoa dioen arren, jo eta ke lan egiten zuten. Zenbait egunetan, Ivan berrogeita hamazazpi planoko plangintzarekin ailegatzen zen filmaketa lekura, eta filmaketetan arrunki gertatu ohi denaz bestalde, baita guztiak errodatu ere…
1978-1970
Urte marokoarrak. Ibizako urteak. Lagunek gabonetako zorion-txartel arriskugarriak jasotzen dituzte, “terry bols” erabatekoak. Azido urteak dira. Berlinera joan eta Berlinalean Leo es pardo aurkezteko sasoia da. Will More-ek Taylor Mead seduzitzen du New Yorken eta Ivan han dago filmatzeko. Donostiako Drugstore lokalaren urteak, lagunek dituzten taldeentzat diskoen azalak egiteko garaia. Bresciatik pasatuz, Erromatik Canneserako bidea egiteko garaiak. Lagunekin Tolosako ihauterietara joan eta bertako morroskoak tamaina naturaleko panpina puzgarriekin dantzan ikusteko garaia da. Ricardo Francoren Los restos del naufragio eta Chavarriren Vestida de tul filmetan zuzendari laguntzaile izateko sasoia.
Memoria musikala aberatsa da, eta soinu bandak eta Super 8etako musika, edonori gozarazi eta edonor harritzeko modukoa. Irudiaren bilaketa eta harrapaketan aritzeko garaia da. California zinema dekoratu eta denda loriatsu eta ezinezkoak diseinatzekoa.
1969-1964
Un, dos, tres, al escondite inglés izenburua baino lehenago, beste hamaika eduki zituen Ivanen lehen luzemetraiak. Batez ere bat: Caca, culo, pedo, pis. Baina Popilandia eta Cacalandia izenburuekin ere bataiatu nahi izan zuten. 68ko azaroan hasi ziren errodatzen. Grafismo guztia eta kartelak egiteaz gain, lehen egunean bertan, dekoratuak diseinatu, pintatu eta ia-ia eraiki ere egin zituen. Bigarren egunean ez zuten filmatzerik izan. Ivan leher eginda zegoen. Filma, poparen aitzakia hartuta eginiko ospakizun alai bezain maleziatsua da. Richard Lesterrek Beatles taldearekin egiten zituen nahasketa haiek dakarzkigu gogora. Ivanen irudimenak ez dauka mugarik. Barrurantz argiztatzen du Pop Tops-ek euren kantua abesten duten gaueko eszena. Barrualdea espazio zuri bihurtu eta giroa distortsioz janzten da… Filma, berandu estreinatzen da, eta ez merezi dituen baldintzetan: 1970eko martxoan, dagoeneko Eurovisioko jaialdiaren inguruko gaiztakerien zirrara pasea zenean… Hala ere, Cannesera helduko da. Berriki izan da bideo formatuan editatua.
Un, dos, tres, al escondite inglés honetan, Ivanek Shelly eta Nueva Generación filmatzen ditu. Bitartean, Led Zeppelinen musikaz klipak errodatzen ditu jada TVEko Último grito programan. Errodatu baino askoz gehiago, ikuslea zirikatu. Hori da unea, telebistaren bidez, bata bestearen atzetik ziztuan datozen bideoklipekin gu elikatzen hasten dena. Ivan Zine Eskolan zebilen oraindik, gerra irudi “super-bizkortu” batzuk ikusten dituenean, musikaren erritmora sinkopatuak. Teknika honek, zera ahalbideratuko zuen beranduago: “den-dena zatikatu eta erritmoari egokitzea. Baina berehala ikusi da hori oso pobrea dela telebistan, eta arriskutsua, zinean”.
Ivan Zine Eskola Ofizialean sartzen da, 1964ko urrian. Hankaz gora jartzen du dena. Jaime Chavarri bezalako jendearekin elkartuko da. Jende honek badaki zertan ari den: musikal baten erdian alboko travelling bat ikusi eta hotzikara bat sentitzeko gai da. Ivanek pentsatzen duena esaten du, bai zineaz, bai beste guztiaz ere. Hankaz gora jartzen du dena, bai. Batez ere New Yorken egona delako eta Miarritzen My Fair Lady ikusi duelako (ba al da leku hoberik? Eta ba al da, amonaren Cadillac autoa baino modu hoberik zinera joateko?)
1963-1957
Ivan egona zen Madrilen txikitan. Sei urterekin. Sei urterekin Prado museoan. Goyaren margo beltzei begira eta pareko horman zegoen ispilu erraldoian islatzen ziren Meninei begira. 1960an itzuliko da Madrilera, Aste Santuan. Plaza Españako egoitzaren 13. pisura. Lanbide Berrien Espainiako Zentruan izena emango du, dekorazioa ikasi asmoz. Ez du Zine Eskola Ofizialean kameralari ikasketak egiteko atariko azterketa gainditzen. Psikosia eta West Side Story ikusten ditu. Enrique Ponte adiskideari idazten dio, film horiek eragin dioten zirrara, bertigoa eta zorabio zurrunbilotsuaren berri emanez. Zine zuzendari izateko adinaren zain (21 urte behar dira), Lisboan eskala eginez New Yorkera doan zamauntzi bat hartzen du, Bilbon. Mareatu egiten da. Baina Filadelfiako Delaware estuarioa harrapatuko du azkenik, 63ko Eguberrietan.
New York, Jet eta Shark koadrilen hiria da. Baina baita erabateko bakardadearena ere. Ivan Albrighten erakusketena. Warhol eta bere Factory ospetsuarena. Arts Students Leagueko irakasleena. Haien artean, Robert Peak, nor izango eta, My Fair Lady filmeko publizitatearen sortzailea…
Nouvelle Vague zer den deskubritzeko hiria zen, hara, New York. Village auzoa. Bleeker zinema eta Bleeker kalea, bere programazio atzemanezina. Pop Art nagusi, New Yorken. Galerietara sartu eta harri eta belarri geratzeko sasoia. Galeriak beteta daude… ezerezarekin beteta?
Baina hori baino lehenago Donostiako Marianisten eskola izan zen. Dena zen pekatu eta dena ziren titi, takoi eta bularretakoen marrazkiak. Lagunak, ez gehiegi. Alohara itzultzeak ematen zuen poza. Aloha da Zuluetatarren etxea eta bertan egoten zen bere ama pintatzen. Eta Ivan begira. Edo ametsetan. Izebaren batek Aieteko jauregietara igo eta Kontxako uretaraino jaitsi araziko zuen benetako mendi errusiarren bat oparituko ote zion amesten. New Yorkera baino lehenago, bere aita, Antonio Zulueta, Donostiako Zinemaldiko zuzendari izendatzen dute, 1957an. Eta Hitchcock etorriko da. Eta han egongo da Ivan, argazkiak ateratzeko…
Eva Marie Saint-i autografo bat eskatzen. 1959
1957-1943
Urte arriskutsuak hauek. Arriskutsuak, konfesore eta irakasleen arabera, erakargarri den guztia pekatu delako. Guztia, zinea barne. Urte arriskutsuak, Donostiako zenbait zine aretoetako atezainekin ezkutaketara jolastu behar delako, filmak 3R (“para mayores con reparos”) edo 4 (“gravemente peligrosa”) kalifikazioa dutenean. Arriskutsua, halaber, txarteldegira deitu eta Las Diabólicas zenbait adinetarako debekatuta baino gehiago, seko debekatuta dagoela deskubritzea. Arriskutsua, zure gurasoek arkitektu izateko bidean zaudela uste izatea. PREU bera da, arriskutsu…
…plazerra, beste guztia. Amonarekin teatrora joatea. Urtean 365 pelikula baino gehiago ikustea (eta haur letrarekin haur koadernoetan denak apuntatzea). Plazerra, Poe eta Gillermo Brown irakurtzea da. Edozein misterio posible den etxe bateean bizitzea, ehundaka tebeo izatea… Plazerra da deskubritzea handia izatean terrorezko musikal bat filmatu nahiko zenukeela, nahiz eta heldutakoan The Rocky Horror Picture Show bezalako film bati akats asko ikusiko dizkiozun. Plazerra da Melodías de Broadway, Al este del Edén edo The girls bezalako pelikulak lehen aldiz ikustea. Eta sentitzea, Citizen Kane ikusi ondoren, lagun on bat, Super 8 bat eta konpetizioko gurditxo bat aski direla El prisionero izeneko zerbait filmatzeko…
Juan Ricardo Miguel (40. hamarkadan gaude, erroldak ez daude Ivan bezalako izen errusiarrak inskribatzeko prest; zar beldurgarrien izena da hori, Eisenstein boltxebikeak errodatu filmaren izenburua, Ivan) Zulueta Vergarajauregui Donostian jaiotzen da 1943ko irailaren 29an. Jauregi zaharretan bizi den familia historiadun bateko semea.